XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez nintzan gehiago ene zainen jabe....

Han baitzen aizkora bat, harekin joka garbitu dut gizona....

Eta, ondotik, ene egiteaz ikharatua, behar nuela gorphutz hura suntsitu bethikotz, su eman diot, lastoz eta petrolez inguraturik.

Piarres Larzabal, Senpere-n gertatua.

Sarrera 1. Gaur egun, lapurtera modernoa

Lapurterari buruz mintzo garelarik, gogora zaitez 6. ikasgaian esaten genuenaz; alegia, gaur egun, alde batetik, lapurtera klasikoa eta, bestetik, lapurtera modernoa bereizten direla.

Lapurtera modernoa, J. Leizarraga, P. Axular, J. Etxeberri Ziburuko etabarren lapurtera klasikotik bereiztera jotzen da gaur egungo dialektologi argibideetan.

Horrela egingo dugu guk ere.

Lapurtera modernoa, XX. mendean Iparraldeko Lapurdi eta Nafarroa Beherekoek, xuxenki idazleek erabili izan eta erabili ohi duten euskara literario amankomunari deitzen diogu.

Horrela, bada, P. Lafitte-ren gramatika oinarri harturik idatzi izan dute Iparraldekoek beren idazkietan gaur ezagutzen dugun 1968ko euskara batua gauzatu eta, ondorioz, hau aukeran izan baino lehenago.

Ikasgai honetan agertuko diren ezaugarriak, beraz, era honetako bereizketa oro aski faltsu eta teorikoa den arren, lapurtera modernoaren esparrukoak izan daitezen ahaleginduko gara.

2. Euskal literaturaren tradizioan, lapurtera klasikoa / baxenafarrera

Aurreko puntuan ikusitako bereizketaz gain, ordea, bada besterik ere.

Euskalkien sailkapenak egin dituztenenak dira berauek.

L. L. Bonapartek (1869) euskalki ezberdintzat hartzen zituen lapurtera klasikoa, noski, Mendebaldeko baxenafarrera eta Ekialdeko baxenafarrera.

(Ikus, zehatzago aztertu nahi bada, zazpigarren ikasgaia).

R. M. Azkuek, ostera, Nafarroa Behereko bi euskalki horiek bat bezala hartzen zituen; lapurtera, beste euskalki bat da Azkuerentzat.

3. Mugak eta barietateak

Nagusiki lapurtera modernoaz arituko garelarik arestian esan bezala, azpieuskalkiak eta barietateak aipatzerakoan, ordea, L. L. Bonaparteren sailkapena izango dugu kontutan.

Errepara iezaiozu, beraz, sailkapen honi: a) Lapurtera: Garbia (Barietateak: Sara, Ainhoa, Donibane-Lohizune) / Nahasia (Arrangoitze).